21. mar., 2022
COVID-19ari neurria hartzeko hitz ezinbestekoak
Hitz hauekin nabarmendu nahi dut COVID-19aren izurriaren jarraipena egite aldera hainbat zientzia dibulgaitzailek egin duten lan itzela. Egunean-egunean jarraitu dute osasun krisia, eta ikerketak ekarri dituen ezagutzak jakinarazten joan dira. Era argi eta zolian egin dute, gainera. Sare sozialetan jardun dute hainbatek, Twitterren, bereziki, eta egin duten lana guztiz goraipagarria izan da. Euskarak, gainera, presentzia nabarmena izan du lan horretan: euskaraz ere ondo informatuta egoteko era eman dute.
Ana Galarraga, Koldo Garcia, Izortze Santin, Ugo Mayor, Juan Ignacio Perez Iglesias... Horiek guztiek (eta gehiagok) ekarpen handia egin dute sare sozialetan. Ez dira mugatu, gainera, informazioa ematera, gertatu dena ulertzeko eta interpretatzeko gakoak ere eman dituzte. Eta eragile izan dira. Jakina da bide ez formalen bidez egiten den hedapena ezinbestekoa dela zientziari buruzko ezagutzak hedatzeko, eta zientzialariok hortxe jardun dute, gizarte osoari zuzenduta, zubilan ezinbestekoan. Osasun krisi batean murgilduta, erabateko zentzua izan du horrek.
Horrek, besteak beste, zientzia dibulgazioan berebiziko garrantzia duten zenbait helburu betetzeko era ekarri du: izurriari buruzko kontzientzia kolektiboa ehuntzen lagundu du, talde sozial ezberdinen arteko kohesioa indartzen, eta herritarren bizi kalitatea hobetzen.
Eragile izan direla erakusteko, adibide bat. Ez da erreza egin duten lan guztiaren artean lan bakar bat hautatzea, baina adierazgarria da etsenplu hau. Kosta egin da izurri honetan aerosolek birusaren hedapenean duten garrantziaren berri ematea. Instituzioak atzera ibili dira, oro har, horretan. Aldiz, alor horretako ezagutzen gaineko dibulgazioa zientzialari askok egin dute, online horietako askok, eta publiko orokorrari zuzendutako mezuen bidez. Eta xede horretan eragilea izan da, adibidez, Ugo Mayor ikertzailea. Oihartzun handia izan zuten, adibidez, airearen kalitatea neurtzeko asmoz egin zituen hainbat neurketak, eta horien berri emateko idatzi zituen mezuek. Esperimentua egin, eta kontatu egin zuen. Eta zinetan argigarria izan zen jende askorentzat.
Horra lotura bat horren berri izateko:
https://twitter.com/Ugo_Mayor/status/1462465896228732932
Ikertzaile horiexek, halaber, eskuzabal jokatu dute hedabideekin, eta izurriaren jarraipena egiten jardun duten kazetariekin. Azalpenak eta argibideak behar izan dituzten guztietan erantzun dute, eta irakurleen premietara eta ulertzeko moduetara egokitzen badakitela erakutsi dute. Zubiak, zentzu horretan, oso sendoak izan dira. Dibulgazioa egin dute, batez ere, baina kazetaritza zientifikoaren arau eta jardunbideetara egokitzeko gaitasun erabatekoa erakutsi dute, eta aliantza oso sendoak sortu dira.